XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Itxaron egin behar zuen.

Bere ofizioan itxaroten jakiteak garrantzi handia zuen, ekintzan aritzea beste.

Momentua helduko zenean bere lagunak Donegal-eko mendietatik jaitsiko ziren, bi Irlandak banatzen dituen muga Lifford-en hegoaldean gurutzatuz.

Ingeles soldaduek beldur ematen zien gauak eta ez ziren horrelako leku galduetatik ibiltzera ausartzen.

Eta gau hura oso iluna zetorren.

Belgika. Dominique. Richard neskaz oroitu zen, halako atsegina sentituz.

Gau hartan dantzan egin zuten goizalderarte eta gero hark bere apartamendura joatea proposatu zion, baina berak ez zuen onartu.

Gau hura zoragarria izan zitekeen, ohean bukatu zezaketen, baina hori egitea gehiegi arriskatzea zen.

Kontuz ibiltzea, sarritan agian kontu gehiegiz, beharrezkoa zen berari gomendatutako lanak arrakastaz burutzeko.

Eta horregatik ez zion behar bezala neskari erantzun, elkarrizketa hartan IRA-ri buruz mintzatu zirenean.

Jadanik gaua zen eta gustora erreko luke zigarro bat, baina ez zuen horrelakorik egin, ez arriskatzeagatik.

Hogei eta hamabi urte beteta zituen, eta zortzi zeramatzan organizazioan aktibista bezala, baina inoiz ez zuten preso hartu.

Hori zen bere arrakasta, horrek zuen balioa.

Eta egia zen orain ez zuela hasierako entusiasmoa, orduko berotasuna burrukaren idealari buruz.

Berriro oroitu zen Dominique-z. Egia zen.

Denboraren iragana burrukaren helburuaren aurka zihoan.

Burrukaren arrakasta kolokan jartzen ari zen, jendea ez zegoen hain seguru, orain bilatzen zena ez zen garaitia, ingelesekin bake duin bat negoziatzea baizik, baina horretarako burrukan jarraitu behar zen, negoziazioa posizio indartsu batetik egiteko.